2011-11-06


BasHerri
Mugimendua
Ongi Etorri
Dokumentua
Gipuzkoako EHNE
ONGI ETORRI DOKUMENTUA
Euskal Herrian baserritarrak desagertzen ari dira. Gaur egun, oso esku gutxietan
dauden agroenpresa multinazionalak dira gero eta gehiago, elikadura merkatua
kontrolatzen dutenak eta hauek erabakitzen dute, bere interes ekonomikoen arabera,
zer jan behar dugun. Janaria, oinarrizko eskubide izatetik merkantzia izatera pasa da.
Gainera, nekazariei prezioak inposatzeko boterea dutenez hauek itotzen ari dira. Baina
arazoa ez da baserritarrena bakarrik, (desagertuko dira eta kitto?) baizik gizarte
osoarena. Gure elikaduraren kontrola berreskuratu behar dugu. Guk erabaki nahi dugu
zer jan nahi dugun, nork, non eta nola ekoiztua izango den eta zein baldintzetan. Eta
hori guztia lortzeko, jarrera aktiboa hartu beharra daukagu eta modu kolektiboan lan
egin. Horretarako sortu dira BasHerri Taldeak, baserritarren bizi-iraupena bermatzeko
eta kalitatezko elikagaiak ziurtatzeko.
Herritar eta baserritarren arteko harreman modu hau ondorengo irizpideetan
laburbildu daiteke:
ELIKADURA BURUJABETZA: Elikadura burujabetzaren definizioa horrela izan daiteke:
“Herrialde bakoitzak oinarrizko elikagaiak ekoizteko ahalmenari eusteko eta garatzeko
duen eskubidea da, kultura eta ekoizpen aniztasunaren ikuspuntutik”. Horretarako
nekazarien eta gizartearen arteko aliantzak sustatu behar dira, eta BasHerri taldeak
horren adibide dira.
BERTAKO EKOIZPENAK: Gure konpromisoa bertako baserritarrekin da eta arrazoi
garrantzitsu asko dauzkagu horretarako: Tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko (bai
hemengoa bai, herrialde txirotuena ere), bertako baserritarrei eredu agroekologikora
aldatzen laguntzeko, gure kultura babesteko, garraioaren eragina murrizteko, landa
eremuak bizirik mantendu eta hiri-landa harremana berreskuratzen laguntzeko…
Horregatik bertako produktuak dira BasHerri Taldeen oinarri eta funtsa.
Gure inguruan ematen ez diren produktuentzako ere oinarri eta irizpide berdinak
erabiltzen ditugu, hau da, jatorrizko nekazariek jasotako diru-ordaina eta guk
ordaindutakoa berdinak izan behar dute (bitartekaririk gabe) eta nekazarien bizi
baldintzak duinak direla ziurtatu behar dira (hau baieztatzeko nekazaria eta bere
etxaldea ezagutu beharra dago).
LURRARI ETA HERRIARI LOTUTAKO NEKAZARITZA: Baserri txiki eta dibertsifikatuak,
ekologikoak, estentsiboak, OMG gabeak, autogestionatuak, ekoizpenaren zikloa
baserrian bertan ixten saiatzen direnak, genero berezitasunak errespetatzen
dituztenak, lan baldintza duinak eskeintzen dituenak, bertako merkatura zuzenduak…
Ezaugarri hauek betetzen dituen Nekazaritza ereduaren aldeko apustua egiten dugu,
Elikadura Burujabetza lortzeko balio duen nekazaritza eredu bakarra delakoan.
Horregatik, nor bere lekutik hasita, baserritar guztiei eredu horretarantz abiatzeko
konpromisoa eskatzen zaie.
GARAIAN GARAIKOA: Elikagai guztiak sasoikoak dira, eta otarren edukia urtaroa eta
uztaren arabera aldatzen doa. Hala ere, baserritar batzuk negutegiak erabiltzen dituzte
zenbait barazki izotzetatik eta hezetasunetik babesteko, edo urte sasoi zehatzetan uzta
aurreratzeko, baina inoiz ez da lur-sailaren gehiengoa izango. Horrela, ekoizpen eredu
oso produktibistak ekidin nahi dira, gure helburua ez baita lurrak eman dezakeena
baino gehiago ekoiztea etekin handiagoa ateratzeko, baizik lurra eta ekoizpenaren
arteko oreka lortzea. Sasoiko jakietan eta produktu aukera ahalik eta zabalenean
oinarritutako dieta osasungarriagoa dela uste dugu eta naturarekiko harremana eta
ezagutza berreskuratzea dugu helburu.
TALDE DINAMIKA AKTIBOA. Gaur egungo nekazaritza eta kontsumo eredua irauli nahi
badugu ezin dugu besteen eskuetan utzi, horixe baita egoera honetara eraman gaituen
arrazoi nagusia. Ez dugu uste irtenbide pertsonalek eta jarrera pasiboek egoera
aldatuko dutenik eta guk proposatzen duguna jarrera kontzientea, aktiboa, kolektiboa
eta arduratsua izatea da. Horretarako, besteren artean, baserritarrak eta
kontsumitzaileak hilero batzar bat egiten dugu eta bertan hileroko kuotak ordaintzeaz
gain beste hainbat gai jorratzen ditugu: baratzaren egoera, ekoizpenean sortutako
gorabeherak, planifikazioa eta ebaluazioa, kide edo produktu berriak, errezetak …
Bestelako ekintzak ere antolatzeko erabiltzen dira: baserrietara bisitak, auzolanak,
ikastaroak, jardunaldiak, eztabaida foroak... Talde bakoitzak erabakitzen du bere
funtzionamendua eta antolatzeko modua. Erabaki guztiak taldeak hartzen ditu eta
edozein erakunde eta administrazioetatik at dago eta beraz, zentzu horretan taldeek
autonomia osoa daukate.
BASHERRI SAREAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK:
1. HARREMAN ZUZENA: Baserritar eta kaletarren arteko harreman zuzena lantzeko
erabiltzen diren bideak anitzak dira: baserrietara bisitak, banaketa baserritar berak
egitea, hileroko batzarra, auzolanak, BasHerri topaketak, ikastaroak, jardunaldiak,
bloga, korreo elektronikoa…
Baserritarrek ahalegin berezia egin behar dute taldekideei ekoizpenaren martxaren
berri emateko, baina baserritarren eta kontsumitzaileen, bien ardura da komunikazio
bide hauek jorratzea. Kontuan izan, baserritar eta kaletarren arteko harremanik
ezpadago eztago BasHerri talderik!
2. KONFIDANTZA: Nekazari eta kaletarraren arteko harreman zuzen horrek, baserriko
errealitatea eta naturaren erritmoak ezagutzen lagunduko digu, baina elkarren arteko
konfidantza hori lantzen ez bada, gure arteko harremana “harreman komertzial” bat
besterik ez litzateke izango: “zuk ekoiztu eta nik otarra ordaindu”, eta hori da, hain
justu, BasHerri Mugimenduaren bitartez aldatu nahi dena, pertsonen arteko
harremanak merkatuko legeen gainetik edo hauetatik at ipintzeko. Beraz, BasHerri
taldeetan konfidantzari aukera bat ematea ezinbestekoa da, bereiziki hasieran.
3. KONPROMISOA: Baina gure arteko konfidantza eta harremanak gozo eta luze iraun
dezaten, hirugarren zutabea falta da: konpromisoa, bi aldeetatik: Baserritarrak
kantitate eta kalitatezko produktuak gero eta modu agroekologikoagoan ekoiztekoa:
ekoizpenaren tamainari muga jarriz, agrotoxikoak ekidituz, transgenikorik ez erabiliz,
ekoizpenaren zikloak ahalik eta gehien baserrian itxiz, baserrian lanean jarduten
dutenen lan baldintza duinak bermatuz, biodibertsitatea zainduz, energia kontsumoa
txikituz… Eta taldekideek kontsumo arduratsua eginez (urtebeteko konpromisoa,
ordaiketak aurrez eta puntualki egitea, talde dinamikan parte hartzea…) eta
ekoizpenaren ardurak bi aldeen artean partekatuz.
NOLA FUNTZIONATZEN DUGU?
Herritarren eta baserritarren arteko harreman hau bi aldeen beharrak asetzen dituen
elkar-trukean gauzatzen da: baserritarrak astero berak ekoitzitako barazkiz eta
bestelako produktuez osaturiko otar bat prestatzen du eta toki eta ordu zehatz
batetan taldeko kideei eramaten dizkie.
Otarraren edukia eta prezioa baserritarrekin adosten da eta otarretan garaian garaiko
barazkiak, fruta, ogia, arrautzak, esnea, jogurtak, mermeladak, okela, oilaskoa,
sagardoa... denetarik jaso daiteke, inguruan dauden baserritarren arabera.
Ekoizpena planifikatu eta ordainketak erraztu ahal izateko famili bakoitzak bere
kontsumoa aurreikusten du bere beharren arabera, eta kuota bat finkatzen da, hilero
berdina. Bi hilabeteko frogaren ondoren urtebetez mantentzeko konpromisoa hartzen
du.
ZER EGIN PARTE HARTZEKO?
Baserritar nahiz kontsumitzaile bezala parte hartzeko interesa baduzu, jarri zaitez gurekin
harremanetan eta zure herri edo auzoan zein aukera dituzun azalduko dizkizugu.
Kontsumitzaile bazara gertatu daiteke zure inguruko taldeak beteta egotea eta itxarote
zerrendan izena eman behar izatea, edo gertatu daiteke herri edo auzo berdinean
eskaerak egotea eta orduan talde berri bat sortzen saiatuko ginateke.
Baserritarra bazara edo sektorean istalatzeko asmoarekin bazabiltza, jarri gurekin
harremanetan eta ze aukera dauden argituko dizkizugu.
Animatu eta … on egin!
KONTAKTUAK:
GIPUZKOAKO EHNE
615 76 70 86 eta
pedro@ehneg.net
BIOLUR GIPUZKOA
943 76 14 43 eta
biolur@biolur.net
INFO GEHIAGO: http://basherri.wordpress.com

ilarrak ereiten
















urri bukaeran ilarrak ereiten izan ginen. udaberrirako ilar potoloak izatea espero dugu, natura lagun.

barazki ilarak














azak, borrajak, zerbak eta abar.

udazkeneko barazkiak














udazken honetan jango ditugun barazkiak baratzan